Actualidad

PRENTSA-OHARRA

 

“GURE GAZTEEI BALIOETAN OINARRITUTAKO PRESTAKUNTZA EMATEA FUNTSEZKOA DA GIZARTE HOBEA ETA INKLUSIBOAGOA LORTZEKO”

 

Euskal Herriko Down Sindromea eta Bestelako Ahalmen-urritasunen Fundazioko buru den Pilar Grados izan da “Rugby Bilbao Hiria Sariaren” bigarren edizioko irabazlea, eta balioak aintzatesteko sari hori jaso du gaur arratsaldean, Euskal Museoan, Bilboko alkate Juan Mari Aburtoren eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kulturako foru diputatu Lorea Bilbaoren eskutik. Gero, Universitario Bilbao Rugby Clubeko adin guztietako 150 jokalarirekin baino gehiagorekin bildu da, jokalariek gertutik jakin nahi izan baitute haren ibilbidearen eta giza balioen arloan duen esperientziaren berri.

Bilbon, 2017ko maiatzaren 12an. Universitario Bilbao Rugby Clubek balioak aintzatesteko duen “Rugby Bilbao Hiria Saria” banatzeko ekitaldia egin du gaur arratsaldean, Euskal Museoaren atarian. Ekitaldian, Universitario Bilbao Rugby Clubeko kategoria guztietako jokalariak, haien gurasoak, eta, besteak beste, Bilboko alkate Juan Mari Aburto eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kulturako foru diputatu Lorea Bilbao izan dira. Hain zuzen, haiek arduratu dira Euskal Herriko Down Sindromearen Fundazioko buru den Pilar Gradosi saria emateaz, haren ibilbide pertsonalean eta profesionalean barrena izan dituen balioak aintzatesteko. Haren ondoan, agintariei harrera egiten, Euskal Museoko koordinatzaile Sorkunde Aiarza egon da.

 

Bilboko alkate Juan Mari Aburtok bereziki nabarmendu du Pilar Gradosek ahalmen-urritasun intelektualeko pertsonak gizarteratzeko hainbat urtez egin duen lana, eta eskerrak eman dizkio. Era berean, Universitario Bilbao Rugby Clubek egin duen ahalegina balioetsi du, errugbian gauzatzen diren balioak bultzatzeagatik, eta jokalarien artean eta, oro har, Bilboko gizarte osoan sustatzeagatik.

 

 

Bestetik, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kulturako foru diputatu Lorea Bilbaok adierazi du “errespetua sustatzen dauan kirol baten adibide da errugbia: talde bateko sentidutea bultzatzen dau, eta kirolaren balioak bardin-bardin erabilten ditu partidua amaitu ostean be. Alkar errespetatzeko sentimendua dago errugbian taldeen zein zaleen artean. Eta garrantzitsua da balio horreek txiki-txikitatik garatutea, baina ez bakarrik umetan erabiltzeko baita nagusitan be.”

 

Ekitaldia izan den bitartean, Euskal Museoko ataria gainezka bete da Universitario Bilbao Rugby Clubeko jokalariekin, denek beren taldeko elastikoak jantzita zituztela. Klubeko presidente Aitor Jauregik azaldu duenez, Bilboko gizarteko zenbait ordezkarik osatu duten epaimahaiak saria Pilar Gradosi ematea erabaki du, “gizarteratzearen alde hainbat urtez egin duen lanagatik. Uni Bilbao kluba ahalegina egiten ari da eredu horri jarraitzeko, eta harro-harro dago aurten errugbi inklusiboko talde bat eratu ahal izan duelako.

 

Bestetik, Aitor Jauregik eskerrak eman dizkie Bilboko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiari, Euskal Museoari eta Bilbao Hiria Nazioarteko Errugbi Lehiaketako babesleei, “haien lankidetzagatik, eta errugbiari eta joko-zelaian gauzatzen diren balioei emandako sostenguagatik, horri esker kirol hau eredugarria baita gaur egun, zelaitik kanpo ere bai, gure eguneroko bizitzan“.

 

Bestetik, saritutako Pilar Gradosek eskerrak eman ditu balioak aintzatesteko saria jasotzeagatik, Universitario Bilbao Rugby Clubek ondoz ondoko bigarren urtez antolatutako “Bilbao Hiria” Nazioarteko Errugbi Txapelketaren esparruan. Txapelketa Errekaldeko Udal Kiroldegian egingo da, maiatzaren 20an eta 21ean, Estatuko eta nazioarteko hainbat tokitatik Bilbora iritsiko diren 38 errugbi-taldek parte hartuta.

Horrez gain, Gradosek adierazi du “balioetan oinarritutako prestakuntza beti izaten dela lagungarria gizarte hobea, aurreratuagoa, humanistagoa eta garatuagoa lortzeko.”

 

Alfredo Luis Cuevas Cosiok egindako “Taldea” brontzezko eskultura sari gisa jaso ondoren, Pilar Grados hizketan aritu da 30 minutuz Uni Bilbao klubeko jokalariekin, Eduardo Velasco kazetariarekin batera, eta, saria jasotzeko arrazoien berri emateaz gain, erantzuna eman die Bilboko etorkizuneko errugbi-jokalarien galderei. Jokalariek hurrengo asteburuan izango dute aukera Errekaldeko errugbi-zelaian ikasitako balioak gauzatzeko.

 

Informazio gehiago izateko edo elkarrizketak egiteko, jarri harremanetan honekin:

ANGEL PLAZA: 687881093 / angelplaza63@gmail.com

Universitario Bilbao Rugby Clubeko prentsa-arduraduna

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>